jueves, 10 de enero de 2008

Legeria antiterrorista

Pertsona orok, atxiloketa zein presoaldia pairatzeko arrazoiak edozein direla ere, bortxaezinak eta oinarrizkoak diren eskubide batzuk ditu, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean, Tortura eta Bestelako Tratu zein Pena Krudel, Anker nahiz Iraingarrien Aurkako Hitzarmenean, eta Nazio Batuen Erakundearen markoan hartutako bestelako tresnetan jasota daudenak, bai eta Pertsonaren Oinarrizko Eskubide eta Askatasunen Babeserako Europako Hitzarmenean eta Europako eskualdeen markoan hartutako Tortura eta bestelako Pena zein Tratu Anker edo Iraingarrien Prebentziorako Komenioan ere. Espainiako Estatuak Nazioarteko Hitzarmen eta aldarrikapen guzti hauek berretsi egin ditu, eta hortaz, 1978ko Espainiako Konstituzioak berak ezartzen duen bezala, beraiengana jo behar da gai honi buruzko barne-legeria interpretatzeko orduan. Lan honetan zehar, Espainiar Estatuko Polizia Indar eta Gorputzek atxilotzen eta "legeria antiterrorista" aplikatzen zaien euskal herritarrekiko ematen diren egoera ezberdinak aztertzen saiatuko gara, barneko zein nazioarteko lege-markoak ere aztertuz. Horretarako, Euskal Herrian zio politikoengatik, eta hortaz, talde armatuaren parte izan nahiz harekin kolaboratzeagatik atxilotua izaten den pertsonak jarraitutako prozesu osoa hartuko dugu abiapuntutzat, Botere Judizialaren eta prozesu honetan parte diren guztien partehartzea aintzat hartuz.

martes, 8 de enero de 2008

ESPETXE POLITIKA

Espetxe politikaren faseak

Azken 30 urte hauetan espainiar zein frantziar Estatuetako Gobernu ezberdinek espetxe politika berezi eta arbitrarioa ezarri diote gure senide eta lagunek osatzen duten Euskal Preso Politikoen Kolektiboari. Salbuespen neurriez jositako espetxe politika dute indarrean espainiar eta frantziar estatuek helburu politikoak lortu nahian.
Ondorioz, oinarrizko eskubideen urraketa sistematikoa izan da urte hauetan guztietan.Ez da erraza euskal preso politikoen aurka erabili dituzten fase ezberdinak zehtaz mehatz zehaztea. Ondoko lerroetan, ordea, garai ezberdinetan erabili dituzten neurri batzuek nabarmenduko ditugu.
70. hamarkada amaiera eta 80. hamarkada hasiera artean, Euskal Herriko espetxeetan edo, hurbileko espetxeetan elkarturik, eta neurri politiko berezirik gabe zituzten euskal preso politikoak.
Espainiar Estatuan martxan jarritako marko konstituzional eta autonomiko berriek ez zuten Euskal Herriarekin duten gatazka politikoa konpondu, eta, orduan hasi zen espainiar Estatua euskal preso politikoak joko politikoaren peoi gisara erabiltzen. Tratamendu bereizia ezarri zieten une horretan. Horrela eman zioten hasiera urrunketa faseari: 1981ean euskal preso politikoak blokean eraman zituzten Puerto de Santa Maria espetxera, eta, soilik, bakar batzuk mantendu zituzten -tartean emakumeak- Madril inguruko espetxeetan.
Ondoren, 1984an, euskal preso politiko gehienak Herrera de la Manchako espetxean elkartu zituzten. Erregimen erabat militarra ezarri zieten gure senide euskal preso politikoak euskal jendartetik isolatzeko helburuarekin. Erregimen militar haren helburua zen ere presoak fisikoki nahiz psikikoki suntsitzea. Garai haietan ere, 80. hamarkadaren hasieran, ETApm eta Gobernuaren arteko negoziaketa prozesuan adostutako birgizarteratze neurriak onartu zituzten presoekiko bestelako jarrera hartu zuen espainiar Estatuak.
80. hamarkadaren amaieran, fase berri bat zabaldu zuten PSOEk diseinatuta (egun Espainiar Estatuko Arartekoa den Mugica Herzog buru) baina orduko PNVko hainbat buruzagiren babesa eta aholkularitzarekin (Torrontegirena, edo egun Gasteizko Gobernuko justizia sailburua den Azkarragarena, kasu). Aurreko faseko birgizarteratze neurriak agorturik ziren eta fase berri bati ekin zioten, presoen arteko ezberdintasunak bultzatu nahian. Presioan oinarritutako espetxe politika jarri zuten indarrean, presoen arteko ezberdintasunak sakondu eta presoen zati batek ETA presiona zezan. Sakabanaketa politikaren alderik ilunena, 89 urteko udaberri-udaran jarri zuten martxan, ETA eta espainiar Gobernuaren arteko Argeleko negoziaketak eten zirenean. Euskal preso politikoak beraien artean sakabanatu, eta, espainiar Estatuko kartzela ezberdinetara eraman zituzten. Halaber, bizibaldintzak gogortu egin zituzten: komunikazioak murriztu, baldintzapeko askatasuna sistematikoki ukatu, presoen aurkako eraso fisikoak ugaritu, batez ere kondukzioetan (espetxez aldatzean, epaitegirako irteeratan...)... Neurri horien helburua, "onen" eta "txarren" artean ezberdintasunak egitea zen. Batzuk "gogor" gisara, eta, besteak, "bigun" gisara aurkeztea.
hura ere agortu egin zen. Jasotako emaitzak ez ziren izan espero zituztenak. Eta, euskal jendarteak egindako presioak euskal presoen bizi baldintzak zertxobait hobetzea lortu zuen. Egoera honetan bizi izan genituen Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente zen azken urteak.
Espainiar Estatuko Gobernua PPk hartu zuenean, ordea, fase berri bati ekin zitzaion. Helburu politiko argiak zituen fase bati: gazteek bereziki eta euskal gizarteak orokorrean bere asmo independentistak alde batera uztea, eta, presoen eta senideen artean etsipena gailentzea. PSOEk PPk hasitako bidetik jarraitzen du. Bereziki gogorra den fase honek bilatzen duen muturreko gogortasun hori ziurtatzeko, babes legala eskaintzen dioten neurri bereziak jarri dituzte martxan: zigorren gogortzea 40 urtera arte, espetxetako bizi baldintzen gogortze orokorra (komunikazioen murrizketa, ikasteko debekua, espetxez kanpoko osasun arretarako debekua...) baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera legalik ez, espetxe zaintzako epaitegien desagerpena eta espainiar Audientzi Nazionalaren baitan sortutako Espetxe Zaintzako Epaitegi Berezia gure senideen inguruko guztiaren gaineko kontrola ezartzeko, sakabanaketa geroz eta handiagoa Euskal herritik urrunago diren espetxeetara...
Frantziar Estatuari dagokionean, 1985. urteko legeak ordura arte ezezaguna zen politika jarri zuen martxan, politika berezi bati babesa emateko sortu zuten. Ordundik, atxilotu, errua egotzi, espetxeratu eta epaitzeko garaian, jurisdikzio berezia ezartzen diete euskaldunei. Hor da sakabanaketa politikaren hasiera eta euskal preso politikoen urruntzea.
Salbuespeneko neurri horiek guztiek, gure senideei bahitu politiko izaera eman die. Bi estatuek, gure senideen aurkako espetxe politikarekin helburu politikoak lortu nahi baitituzte.
[Artikulua etxerat daukan web orritik aterata, informazio geiagorako hemen clik egin]

Bitxikeri bat

AI DINIO DINIO


Dinio, telebistako pertsonaia ezaguna eta Marujita Diaz artistaren bikotekide izandakoa, albiste da berriro. Oraingoan, baina, telebista bat lapurtzen saiatzeagatik. Espainiako Poliziak jakinarazi duenez, Valentziako Gandia herrian dagoen saltoki batean telebista bat ordaindu gabe eraman nahian harrapatu zuten atzo.
Erosketak eramateko gurditxoaren azpialdean zeraman telebista eta kutxatik igarotzerakoan ordaindu gabe joaten ahalegindu zen. Diniorekin batera haren neskalaguna zegoen. Saltokiko kutxazaina gertatutakoaz jabetu zen eta segurtasuneko guardak ohartarazi zituen. Dinio atxilotu egin zuten, baita haren neskalaguna ere, eta Espainiako Poliziak Gandiako polizia-etxera eraman zituzten. Gaur goizean epaiketa azkarra egin dute eta bi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diete biei. Alabaina, ez dira espetxera joan beharko, aurrekari penalik ez dutelako. Isun ekonomikoa ordaindu beharko dute datozen lau hilabeteetan.

TRATU TXARRAK

Igor Portu Arrasaten atxilotutako gaztea ospitalean dago, larri, tortura zantzuekin

Saihets hezur bat hautsia du, birika zulatua eta gorputz osoa ubeldua, baina Rubalcabak dio atxilotze uneko zauriak direla Francisco Etxeberria auzi medikua: «Atxiloketa unean ez ezik miaketaren ondoren ere jo dutela pentsatzea normala da»

Saihetsa apurtua, birika zulatua eta gorputza ubeldua eta puztua, Igor Portu ETAko ustezko kidea tortura zantzu nabarmenekin ingresatu zuten atzo goizaldean, Donostiako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean, Guardia Zibilak atxilotu zuenetik hamazazpi bat ordura. Donostiako Auzitegiko guardia epaitegiak ikerketa zabaldu du, aurretiazko eginbideen bitartez, Porturen lesioak direla eta. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroaren arabera, atxilotu zutenean zauritu zuten Portu, ihes egiten saiatu zenez guardia zibilek «indarra erabili behar izan zutelako». Igor Portuk berak, ordea, gorputz osoan ukabilkadak eta ostikoak eman dizkiotela azaldu zuen ospitalera heldu zenean, txosten medikoak dioenez.
Herenegun goizean atxilotu zituzten Igor Portu eta Mattin Sarasola lesakarrak, Poliziaren arabera ETAko kide legalak -fitxatugabeak-. Goizeko hamaikak aldera atxilotu zituzten, Arrasaten (Gipuzkoa), Guardia Zibileko Landa Ekintzako Taldeek (GAR). Polizi iturrien arabera, bi errebolber zeramatzaten bi atxilotuek, zelofanean bilduta oraindik. Bi armak jaso berriak zituztela uste du Poliziak. Bi atxilotuak inkomunikatuta daude: Donostiako Ospitalean Portu, eta Guardia Zibilaren egoitzaren batean Sarasola. Senideek bart gauean ez zekiten zehazki non zeukaten.
TXOSTEN MEDIKOA. Donostiako Ospitaleak senideei emandako eta Askatasuna erakundeak banatutako txosten medikoaren arabera, oinez bere kabuz ibiltzeko gauza zela heldu zen Igor Portu erietxera, baina oso lesio larriekin. Saihets bat hautsia du, saihets hautsi horrek ezkerreko birika zulatu dio eta, ondorioz, pleura eta odol isuri larria izan du. Gainera, larruazalaren azpian enfisema handia du -azala puztua-, ornoetatik pelbiseraino. Txosten medikoaren arabera, disnea ere badu Portuk -arnasa hartzeko zailtasuna-, «hematoma, higadura eta urradura ugari» belaun eta orkatiletan, eta ubeldua ezkerreko begian.
«Ukabilka eta ostikoka» jo egin zutela adierazi zuen Portuk ospitalera heldu zenean, «aurpegian, bularraldean, sabelaldean eta beheko gorputz adarretan», txosten medikoan jasota gelditu denez. Bizkarrezurrean, lepoaldean eta gerrian min handia zuela ere esan zuen Portuk.
HAMAZAZPI ORDU. Perez Rubalcabak esan zuen bezala zauri horiek guztiak atxilotu zutenean egin bazizkioten, Igor Portuk hamazazpi bat ordu egin zituen lesio larri horiekin: goizeko hamaiketan atxilotu zuten eta, txosten medikoak dioenez, goizaldeko 03:56an hartu zuten ospitaleko larrialdi zerbitzuan.
Barne ministroak azaldu zuenez, guardia zibilek gelditzeko agindu zietenean eta motxilan zer zeramaten erakusteko agindu zietenean, ihes egiten ahalegindu ziren Portu eta Sarasola. Lau guardia zibil atzetik joan zitzaizkien eta harrapatu egin zituzten, indarkeria baliatuz menderatuta. Herenegun berri agentziak emandako informazioetan eta atzo egunkariek argitaratutako kroniketan ihes egiteko ahaleginaren berririk ez zuen inork eman.
Ondorioz, Barne ministroaren arabera, biek izan zituzten zauriak. Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmori atxiloketaren gorabeheren berri eman zieten jarraian, eta hark auzi medikuak haien egoera azter zezan agindu zuen. Portu egun osoan ez zuten, ordea, ospitalera eraman, txosten medikoaren arabera zauriak larriak eta nabarmenak ziren arren.
Aitzitik, gaueko hamaikak aldera Lesakara eraman zituzten bi atxilotuak, miaketen lekuko izatera. Hiru etxe miatu zituzten, bi atxilotuen gurasoenak eta Porturen beraren etxea: ministroaren arabera, bi ordenagailu eta hainbat agiri atzeman zituzten. Ministroak esan zuenez, arratsalde osoan eta miaketen garaian bietako inork ez zuen mina zuenik adierazi, eta lesioak izan zitzaketela susmatzeko moduko «ezer» ez zen gertatu.
Atxilotuen jaioterrian, Lesakan, senideek eta lagunek atzo eguerdian emandako prentsaurrekoan adierazi zutenez, Portu nahiz Sarasola onik ikusi zituzten atzo gauean, miaketetara eraman zituztenean. Koldo Erkizia Lesakako alkateak arratsaldean Euskadi Irratian esan zuenez, «nekatu aurpegia» zuten bi atxilotuek miaketen garaian, baina besterik ez. Bertsio ofizialaren arabera, miaketen ondoren ikusi zituen Portu eta Sarasola auzi medikuak, eta orduan erabaki zuen Portu ospitaleratzea.
Porturen eta Sarasolaren atxiloketek Gorka Lupiañezen atxiloketarekin zerikusia izan dezaketela adierazi zuten herenegun polizi iturriek. Hain zuzen ere, Landa Ekintzako Taldeetako guardia zibilek atxilotu zuten Lupiañez ETAko ustezko kidea ere, abenduaren 6an, eta tortura latzak jasan zituela salatu zuen: besteak beste, makila batekin bortxatu zutela eta hainbat aldiz poltsa egin ziotela salatu zuen.
[Berria Berria egunkaritik aterata]

martes, 25 de diciembre de 2007

Zorionak kartzelan dauden Euskal preso guztiei

Gaurko eguna Kartzeletan dauden presoentzat eta beraien familientzat eskeini nahi dut; gabon on eta zoriontzu bat pasa dezaten, animo mutilak!!

Agian
egunen batean
geronen herrian
libre geranian.

Apika ezin errepika
zer da politika
herriko etika.

Indarrak batuta
denak batera
gure etxean
nagusi gera
benetan
alkartzen bagera.

Garaipen garbi bat
dugu espero
duda izpirik
ez egin gero
benetan
bat egin ezkero.

Akaso
hainbeste frakaso
goazen pausoz-pauso
animoak jaso.

Presoak
heuren gurasoak
heuren erasoak
geure arazoak.

lunes, 17 de diciembre de 2007

SATURRARANGO KARTZELA



1937 eta 1944 urteen artean milaka emakume eta haur preso sartu zituzten saturrarango hondartzan zegoen espetxean.


1937ko abenduaren 29an emandako ordenu batek erabaki zuen Saturrarango seminarioko bainuetxean emakumeentzako kartzela irekitzea eta halaxe izan zen 1944a arte. 1938ko urtarrilean eraman zituzten lehenengo emakume presoak. Guztira 16 eta 80 urte bitarteko 5.000 emakume egon ziren preso -gehienak asturiarrak eta asko euskaldunak-. Horietatik 177 emakumek eman zuten azken arnasa Mutriku eta Ondarroa banatzen dituen hondartzan. Hantxe bertan, oraindik bizirik dauden sei emakumek omenaldia jaso zuten joan den apirilaren 1ean: Victoria Fernandez, Carme Riera, Rosario Sanchez, Balbina Las Heras, Sagrario Merodio eta Anita Morales joan ziren ekitaldira. Raul Blanco, Mari Campos eta Davila Arias abizeneko emakumea ere han izan ziren. Saturrarango errepresio garaiak ume zirela ezagutu zituzten azken horiek. Lekuko mutu, kartzela izan zen eraikinetik zutik geratzen den orma bakarra.



[Gohiko argazkian, saturraranen preso egon ziren emakume eta haurren argazkia]

domingo, 16 de diciembre de 2007

KOLONBIAKO KARTZELA BAT SALGAI

Eitb-ren blog-ak dioenez, kolonbian kartzela bat salgai ipiniko dute bertan dagoen preso kopurua oso txikia baita:


Marsella izeneko herri kolonbiarrean dagoen kartzela salgai jarri dute preso gutxi daudelako. Espetxea urtean zehar ia hutsik dagoenez, bere mantenua errentagarria ez dela pentsatzen dute arduradunek.
Bertako alkateak adierazi duenez, azkeneko bi urteetan bi atxiloketa egon dira soilik. Horrexegatik, kartzelaren goardiak usoak zaintzen ematen du egun osoa. Kolonbiako espetxe honen mantenuak 6.800 eurotako kostua du. Horren ondorioz, eta herriak bizi duen krisi ekonomikoa aintzat hartuta, Marsellako alkateak irtenbide bakarra espetxea saltzea dela adierazi du.